miércoles, 13 de noviembre de 2013

Egitasmoari buruzko erreportaje itzela BERRIA egunkarian

BERRIA egunkariko astekarian argitaratu zuten joan den astean EKIPO 2.0 Adap-Meeting egitasmoari buruzko erreportajea. Nerea Riosek BERRIAko kazetariari erakutsi zion ekimen informatikoaren funtzionamendua, eta bien arteko solasaldia tablet bitartez egin zen. Emaitza, ondorengo lerroetan ageri den erreportaje ederra. Mila esker Gipuzkoako Hitzari, eta Donostiako Goienetxe zentrora gerturatu ziren kazetari zein argazkilariari.

"Oztopoen horma, pixka bat txikiago

2013(e)ko Azaroak 8
Sailkatugabeak
Izterrean pausatua du tableta Nerea Riosek (Donostia, 1971), bere mugikortasun gaitasunen arabera hor jarrita suertatzen baitzaio erosoen. Teknologia zalea da Rios; lehendik ere erabiltzen ditu sakelakoa eta ordenagailua ere: bileren agiriak hark pasatzen ditu ordenagailura. Tresna berria du orain esku artean, eta antzematen zaio gustura dagoela gailu berriarekin. Gurpil aulkian egokitu dioten tableta ez baita gailu arrunta Riosentzat: aparteko komunikazio tresna da, Gipuzkoako Aspacek garatua.
Ezker eskuan makilatxo bat jarri diote, tabletaren pantailan behar duen botoiari eman diezaion. Gertu du bozgorailua ere, tabletean integratutako The Grid 2programaren bidez idatzitakoak errepikatzeko. Tresna berriarekin bi aste daramatza Riosek, eta beste bi aste barru bilera bat egingo dute, Riosek eta sistema darabilten beste hiru erabiltzaileek zer hobetuko luketen teknikariei jakinaraz diezaieten.
Riosen kasuan, tableta ezkerreko iztarrean pausatuta eta eskuarekin ondo moldatzen da, baina erabiltzaile bakoitzari erosoen datorkion eran egokitu behar dute. Euskarria bera eta tabletaren barruko antolaketa moldagarriak dira, eta erabiltzaileen beharretara moldatzeko gaitasun horrek egiten du erabilgarri sistema, Idoia Bea Adap-Meeting proiektuaren arduradunak azaldu duenez. Idatzitakoak errepikatzeko bozgorailua, adibidez, gurpil aulkian bertan integratzeko modua bilatzen ari dira —tabletak berea baduen arren ez baitu nahikoa potentzia—. Sakelako telefonoa erabiltzen hasi zenean, adibidez, erraz eskuratzeko modua bilatu zuten, eta orain berdin egiten ari dira tabletekin eta wifi bidez konektatzen den bozgorailuarekin.
Denbora pixka bat behar du unean uneko erantzunak botatzeko, baina trikimailu bat du Riosek: maiz erabiliko dituen esaldiak gordetzeko aukera ematen dio programak. Besteak beste, "Kafesne bat nahi dut, lasto batekin" eta "Kola freskagarri bat nahi dut, lasto batekin" bezalako esaldiak ditu gordeak, taberna batera joan nahi duenerako prest. Esaldiak testuinguruaren arabera antolatzeko karpetak ere sor ditzake, lanerako, tabernara joateko, oporretara joaten denerako, lagunartean aritzeko edo larrialdi bat duenean iraganean bizitako une txarrak saihesteko: "Aulkiaren gurpil bat zulatu zitzaion kalean, eta ingurukoek ez zioten ulertzen zer gertatzen zitzaion".
Tartean behin hitza hartzen du Riosek: kazetariaren bisita jasoko zuela jakitun, esaldi batzuk aurrez prestatuta zeuzkan. "Proiektuaren parte izateaz harro nago: nire esperientziatik abiatuta, ekarpenak egin ditzaket", dio. "Oso ausarta" da Rios, eta teknologia berriei beldurrik ez dien bezala, jada egin du sistema berria Aspaceren zentrotik kanpo erabiltzeko proba: "betiko tabernara" bera bakarrik joan, eta zerbitzaria, ezaguna duena, "lilurak jota" utzi zuen. Beak Riosen lorpena kontatu bitartean, irribarrea marrazten zaio Riosi. Tresna berriak ingurukoekin eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna eman dio: orain arte bizitakoekin ezin konparatu. "Pare bat aldiz gertatu izan zaio, tabernara joan, zerbitzariek ulertu ez, eta ezer hartu gabe alde egin behar izatea. Komunikatzean huts egiten badute, ahalegina bera frustrazio bihurtzen da garun paralisia dutenentzat", baieztatu du.
Komunikatzeko tresna berria saio guztiak eraginkor izateko prestatu dute, eta lorpen hori "urrats handia" da gailuaren erabiltzaileentzat: "Familiakoekin, ezagunekin zein ezezagunekin dituzten hartu-emanak normalizatzeko balioko die. Ez hori bakarrik, erabiltzaileen autonomia sustatu eta bizi-kalitatea hobetzeko ere bai". Hain zuzen, horregatik jaso dute Vodafone Fundazioaren 8.000 euroko laguntza.
Zazpi ukipenezko pantaila, The Grid 2 softwarea, hori erabiltzen ikasteko prestakuntza, softwarearen hogei lizentzia eta lau tableta erosi ahal izan ditu Gipuzkoako Aspacek diru laguntza horrekin. Tresna berriak lehendik ere teknologia digitalak erabiltzen dituzten lagunekin probatu dituzte, errazagoa egingo zaielakoan: "Nerea baino helduagoak direnen artean baziren Adap-Meeting ikusi ere egin nahi ez zutenak, eta orain probatzeko desiatzen daude". Oraingoz, lau erabiltzailek dute tableta gurpil aulkian txertatua, baina gainontzekoak ere ikasten doaz, ukipenezko pantailen bidez, "handiagoak eta eramangarriak izan ez arren".
Abantailak eta beldurrak
Garun paralisia duten lagunen arazo handienetako bat da inguruko jendearekin komunikatzea. Beak azaldu duenez, eritasun horrek jotako lagun bakoitzak baldintza desberdinak ditu, gaixotasunak arinago edo sakonago eragin izanaren ondorio. "Riosen kasuan, adibidez, ez du arazorik familiako kideekin edo ezagunekin komunikatzeko. Arazoa kanpoko jendearekin dator".
Bearen ustez, denborak aurrera egin ahala eta etxeetan tabletak ohiko bihurtzen diren heinean, errazagoa izango da Adap-Meeting sistema hedatzea, etxeko kide guztiak egongo baitira tresna digitalekin trebatuta. Bera "zoratzen" dagoen neurri berean, ama "kezkatuta" dagoela baieztatu du Riosek. Adap-Meeting sistemarekin, garun paralisia duten lagunek ez dute behar jendearekin komunikatzeko bitartekaririk, eta kalera bakarrik joan eta egin beharrekoak bakarka egiteko bezainbesteko autonomia dute. Ondorioz, kalean doala norbaitek lapurtuko dion beldur da Riosen ama. "Denbora kontua da" erabiltzaile zein senideak sistema berrira ohitzea.
Aspaceren egoitzen arteko komunikazioa ere "dezente" erraztuko du sistema berriak, Beak azaldu duenez. Besteak beste, denbora eta dirua aurrezteko balioko die: "Imajinatu, bileraren bat tarteko, garun paralisia duten zortzi lagun Arrasatera eraman eta ekarri behar ditugunean... Denborarekin, birtualki egitea lortuko dugu". Rios, behintzat, egun hori noiz ailegatuko irrikaz dago: "Programa honen eta Webex programaren bitartez bilera birtualetan parte hartu ahal izango dut". Taldekako bilera birtualak egitea ahalbidetuko die Webex-ek, Beak azaldu duenez.
Adap-Meeting oraindik ez dute probatu garun paralisia duten erabiltzaileen artean komunikatzeko, baina "hori ere helduko da". Oraingoz, oztopoen horma txikiagoa izatea, bederen, lortu dute. "
ARGITALPENA EGUNA: 2013KO AZAROAK 8
HEDABIDEA: Gipuzkoako Hitza astekaria // BERRIA Komunikazio Taldea

No hay comentarios:

Publicar un comentario